miércoles, 28 de enero de 2015

Bakearen inguruko ipuin eta bertso lehiaketa LHn

Ostiral honetan munduko eskola askotan BAKEAren eguna ospatuko da. Eta horrexegatik aurten 5. eta 6. mailakoen artean ipuin eta bertso lehiaketa bat antolatu dugu. Egia esateko oso lan politak sortu dituzte. Baino gela bakoitzetik ipuin eta bertso bat aukeratu ditugu irabazle moduan. Eta hemen dituzue aukeratutako idazlanak. espero dugu zuen gustukoak izatea; eta batez ere, hitz horiek esaten dutena egia bihurtzea. Eta gogoratu: 

Guri dagokigu bake eramaileak izatea!!!

domingo, 25 de enero de 2015

BAKEA bideoa

 Puk eta harresia
Aste honetan landuko dugun bideoa Intermon Oxfam-en kanpaina bateko bideoa da. Bertan ikusiko dugu Puk izeneko mutil baten istorioa. Mutil hau bizi den herria harresi batez inguratuta dago, eta berak ez du oso ondo ulertzen zergatik. Agintariak konbentzitzen ahalegintzen da, baino lortzen duena kontrakoa da.
Azkenean ikusten da nola harresia erortzen den eta denak elkarrekin askoz ere zoriontsuagoak direla. Bideo honekin erakutsi nahi dena da, pertsona guztiak elkarrekin eta bakean bizitzeko gai garela. Guztiak elkar errespetatzen bagara, lagunak izan gaitezke eta bakean bizi.



  
Hausnartzeko galderak:

-      Zergatik eraikiko zuten horrelako harresia?
-      Zerbaitetarako balio du?
-      Zer iruditzen zitzaion Puk-eri harresi hori hor egotea? Eta zuei?
-      Gustatuko litzaizueke gure herrian horrelako bat izatea?
-      Herriak bakean bizitzea posiblea dela pentsatzen duzue?

-      Ezagutzen duzue gaur egun horrelako harresirik?

domingo, 18 de enero de 2015

BAKEA ipuina

 Herensugearen malkoak


Urrun, oso urrun, herrialde bitxi bateko haitzulo sakon batean, herensuge bat bizi zen. Haren begiek egur gori-goriak bezala egiten zuten dir-dir. Inguruko jendea beldur zen, eta espero zuen norbait herensugea hiltzeko gauza izatea. Denei ikara ematen zien herensugeari buruzko kontuak entzuteak, eta haurrek isilean negar egiten zuten, herensugeak entzungo zituelako beldurrez.

Baina bazen mutil bat, beldurrik ez zuena:
- Taró, nor gonbidatuko dut zure urtebetetze-festara?
- Amatxo, herensugea gonbidatzea nahi nuke.
- Txantxetan ari zara? – erantzun zion amak.
- Ez, esan iezaiozu herensugeari etortzeko – esan zion berriz mutilak.
Amak buruari eragin zion, nahigabetuta: ez da posible, nola liteke nire seme honek halako ideia arraroak izatea!

Urtebetetze-eguna iritsi zen, eta Tarók etxetik alde egin zuen. Mendian ibili zen, uharrak eta basoak zeharkatuz, herensugea bizi zen mendira iritsi arte.
- Herensuge jauna! Herensuge jauna! – oihu egin zuen sutsuki.
- Zer gertatzen da, ordea? Nor ari zait deika? – pentsatu zuen herensugeak, eta burua atera zuen haitzulo handiaren ahotik.
- Gaur nire urtebetetzea da, eta gozoki pila bat prestatuko ditu amak – esan zion garrasika mutilak. Zu gonbidatzeko etorri naiz.

Herensugeak ezin zuen entzundakoa sinetsi, eta mutilari begiratzen zion, ahots zakarraz marmarrean. Taró, ordea, ez zen beldur, eta oihuka esan zion:
- Herensuge jauna! Etorriko zara urtebetetze-festara?

Herensugea konturatu zen mutila benetan ari zela. Hunkituta, hau pentsatu zuen:
- Gorroto naute denek, eta beldurra didate. Inork ez nau sekula gonbidatu urtebetetze-festa batera. Ez nau inork maite. Zer txintxoa den mutil hau!
Pentsamendu horiek buruan zituela, begietatik malkoak irteten hasi zitzaizkion. Hasieran, malko gutxi batzuk besterik ez; baina, gero, ezin zion negarrari eutsi, eta malkoek bailaran behera zihoan ibaia sortu zuten.
- Zatoz, jar zaitez nire zerraren gainean – esan zion herensugeak negar-zotinka – etxera eramango zaitut.
Herensugea gordelekutik ateratzen ikusi zuen mutilak. Narrasti ederra zen: kolorezko ezkata meheak zituen, sugea bezain bihurria zen, eta hanka mardulak zituen.

Taró animalia basatiren bizkarrera igo zen, eta herensugea igerian hasi zen malko-ibaian behera. Igerian ari zela, animaliaren gorputzaren itxura eta tamaina aldatu egin ziren, magia bitxi baten eraginez. Mutila etxera iritsi zen, zoriontsu, herensuge itxurako txalupa apaingarri politez josi baten lema eskuan zuela.




Hausnartzeko galderak:

-      Zergatik zioten beldurra herensugeari?
-      Zer egin zuen Tarók? Ausarta zela pentsatzen al duzue?
-      Nola sentitu zen herensugea Tarók urtebetetzera gonbidatzean?
-      Herensugea benetan maltzurra al zen?
-      Batzuetan ez al ditugu gure inguruko pertsonak gaizki epaitzen?

-      Aurreiritziei kasu egin behar al zaie beti?

domingo, 11 de enero de 2015

BAKEA gogoeta

BAKE eramaileak izan gaitezen

Urte berri on guztiei eta ongietorriak izan zaitezte berriro eskolara! Zer moduz pasa dituzue oporrak? Seguru bikain igaro dituzuela eta pilak kargatzeko aukera izan duzuela. Orain berriro hemen gaude gauza pilo bat elkar banatzeko eta asko ikasteko. Seguru egun hauetan irudi asko ikusiko zenituztela Olentzero eta Erregeenak opariz gainezka. ba hilabete honetan eskatzen dizueguna da zuek paper hori hartzea. Baino gure zakuak opariz beteak egon beharrean, bakez beteak eramango ditugu.
Batzuek oso memoria ona duzue eta seguruenik gogoratuko zenuten urtarrilaren 30ean beti bakearen eguna ospatzen dugula. Baino… ba al dakizue zergatik? Ba ospakizun hau duela 51 urte sortu zen munduko eskola guztiek bakearen alde lan egiteko. Eta egun hori aukeratu zen Mahatma Gandhiren heriotzaren urteurrena delako. Berak lortu zuen bere herria, India alegia, Erresuma Batutik modu baketsu batez independizatzea. Normalean herrialdeak askatasuna lortzeko, borrokatu behar izan dute eta gerrak jasan. Baino Gandhik gauzak egiteko beste modu bat erakutsi zigun.

 Guk ere eredu hori jarraitu nahi dugu. Horregatik arazoak ditugun bakoitzean, borrokatu gabe edo garrasi egin gabe konpontzea gustatuko litzaiguke. Egia da ohituak gaudela beti biderik errazena hartzeko. Eta horregatik gure lagunak iraintzen ditugu edo beraiekin borrokatzen gara. Baino hemendik aurrera ahalegin txiki bat egingo dugu gauzak modu baketsu batez konpontzeko. Modu honetan lagunak ez dira gurekin hainbeste haserretzen eta ez ditugu hainbeste mintzen. Beraz saiatu gaitezen gu ere Gandhiren antzera arazoak modu baketsu batez konpontzen.

Bake eramaileak izan gaitezen